Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/08/30 13:12:11.029 GMT+2

'Arriya': ikusi eta gozatu

Durangon ikusi nuen filma, “Arriya”-n agertzen den autobusa baino dezente zaharragoa den aretoan, pantaila handi-handian eta butaka erosoetan. Azkenengoz “munduaren bira, doan!” ikusten egon nintzen areto berean. Gehiagotan gozatu beharko genukeen aretoan... Amaieran gustura atera nintzen, pozik, film polita ikusi izana komentatuz lagunekin. Laurok geunden ados O’Connor’s-en. Merezi du eta gomendatzekoa da.

Gutxienekoa plaza-harria edo meza-harria; zein mandoa edo zaldia. Pisua duten elementuak narrazioan eta pisuago zirenak gaur direnak baino. Berdin errotarria, sentimenduak ere ehotzeko lain izan dena eta meza-harria baino elementu magikoa filman. Ez dut ulertu “arriya” deitzeko beharra filmari, hala ere. “Harria” ere ederra zatekeen olerkari bilbotarrak 1962rako idatzi bezela. Film amaierako kredituak ez ditut topatu webguneko kredituen atalean.  eta bazegoen bat euskara jatorraz Iban Garate arduratu dela zioena… Ez dakit euskararen izenean deitu zaion "Arriya" edo zergatik, auskalo!

Garate aipatu dudanez, esan dezadan kriston aktorea ikusi dudala pantailan. Demasa. Malagako zinemaldian sariak eman dizkiete Begoña Maestreri (emakumezko aktore onena), Saioa Larari (jantzirik onenak), Gaizka Bourgeaudi (Fotofilm Deluxe irudi onena), Gorritiberea zuzendariari berari Asecan saria eman diote, baina niri, bereziki, Garateren lana gustatu zait. Zaila izan behar da, benetan, erabakiak hartzen ez dituenaren papera jokatzea. Sinesgarria egindako lana eta pertsonaiarekin identifikatzen zaila den arren lortu ere egiten duena. Amigo, ez da ez erraza erabakiak hartzea!

Bingen Mendizabal ere saritu dute Malagan, eta sarituko dute aurrerago ere. Zelako soinu banda! Historian eta istorioan sartzen zaituena, filma laguntzen duena eta irudiak begietatik sartzeko gozagarri dena.

Herrigiro eta familiagiro gordinari ihesa pantailan. Seguruenik gehien espero nuen aterabidea momentu batera helduta, baina ez horregatik errazena ehotze-lekua ere konponbiderako leku izan zitekeenean.

Atzera aurrerak despistatzeko aukera ere ematen du, baina uste dut oso markatuak direla eta bigundu egiten duela kontaketa, lagundu erraztu ez arren. Gustatu zait erloju xaharraren martxa, baita geldi dagoenekoa ere detaileak gozatzeko behar beste denbora hartzeko abisatuko baligu bezala, akzio zaratatsuetatik ihesi eta kolorean indarra eginez koadroa osatzeko.

Amodioa ardatz eta gorrotoa lagun, ume-jolasa, adinduen jokoak, ezinikusiak, mugaldeko garai bateko herri “tipikoa”: hiru hizkuntza, ehiztariak, erromeriak (oso ona Pottoka), jaiak, herri-kirolak, musa, Guardia Zibila, eliza…). Herriko turista izateaz haratago filman barru-barrura sartu eta integratzea merezi duena. 5 eurogatik gauza asko eta onak.


Nork: iarantzabal.2011/08/30 13:12:11.029 GMT+2
Etiketak: arriya gorritiberea garate film | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak