Imanol Murua
kazetariak idatzitakoa oso osorik mezu honetan. Idazten ekin naiz,
baina asmatu ez. Ulertu ere ez dut ulertzen gertatzen dena eta azaldu... ezin berbak josi saiatu naizen arren. Berria egunkaritik hartua:
Zaila da bizkarrezurrean behera hotzikara ez sentitzea, albistea entzunda. Euskal herritar bat beste euskal herritar bati hurbildu zaio, gizaseme bat beste gizaseme bati, bost tiro eman dizkio eta hil egin du. Isaias Carrasco, 42 urteko arrasatearra, PSE-EEko zinegotzi ohia. Bi alaba eta semea, aitarik gabe. Emaztea, alargun. Gurasoak, semea betiko galduta. Inoiz konpondu ezingo den kaltea.
ETAk erabaki du Isaias Carrasco hiltzea. Giza eskubideen artean oinarrizkoena, bizitzeko eskubidea, kendu egin dio euskal herritar bati, giza eskubide guztien jabe beharko lukeen gizasemeari.
Garai batean PSE-EEko zinegotzia izan zelako aukeratu bide du ETAk Isaias Carrasco. 2003ko hauteskundeetan 2.375 arrasatearren botoa jaso zuen zerrendako kidea. Ikuspegi politikotik, gaur egun inolako ardurarik ez zuen herritarra. Bizkartzainik ez zuena. Alderdi sozialistako militanteen artean, katebegi ahulena.
Kargurik gabeko militantearen aurka eginez, alderdi sozialistari bete-betean jotzeaz gain, PSOEko -edo PPko- kideen artean jomuga izan daitezkeenen taldea, mehatxatuen taldea, izugarri handitu du ETAk, lehendik ere oso zabala zen zirkulua are gehiago zabalduz. Lekutan daude Komando Autonomo Antikapitalistek 1984an Enrique Casas senatari sozialista hil zutenean -hauteskunde kanpaina baten bukaeran, hura ere- ETA militarrak eta Herri Batasunak hilketa hura arbuiatu zuteneko garaiak, politikari bat hiltzea onartezintzat zutelako.
Ataka zailean dago ezker abertzalearen ildo nagusia, bere osoan. Joko politikoaren zelai ofizialetik kanporatua, buruzagi politikoak espetxeratuta, eskuak lotuta eduki nahi dute Estatuko aginteguneek. Politikaren zelaian pausoak emateko ezinduta, egunetik egunera zailago du prozesuaren alternatiba prozesua dela sinestea. Politika egitea eragozten badizute, nekez sinetsiko baituzu politikaren aukeratan.
Eta, ataka horretan, bidegabekeriari bidegabekeriarekin erantzuteko hautua egin du ETAk. Batasunak, EAE-ANV eta beste hainbestek jasaten duten bidegabekeria politiko eta humanoari erantzuteko, autobideko ordainleku bateko langilea hil du. Gorpu bat mahai gainean, Espainiako Gobernuaren eta alderdi nagusien politika baldintzatzen saiatzeko.
Jatorrian, arazo politikoa dago. Itsuak ere ikusten du. Gatazka politikoa. Herri baten erabakitzeko eskubidearen ukazioa. Jakina da gatazka politikorik gabe ETArik ez legokeela, hilketarik ez legokeela. Baina itsuak ere ikusten du gatazka politikoa konpondu ezinik jarraitzearen ondorio derrigorrezkoa ez dela ETAk ekintza armatuak egiten jarraitzea. Atentatuak egitea, ETAk esku artean dituen aukeretako bat da. Isaias Carrascoren heriotza, ETAren erabakiz ekidin zitekeen tragedia da.
Atentatu bakarra den, edo ziklo armatu gordin baten hasiera, ETAk erabakiko du. Gertaera honek ezker abertzale politikoan zalantzarik gabe eragin duen ezinegonak biderik egingo duen, inoiz jakingo dugu. Eta atzokoak konponbidea zer neurritaraino zailduko duen, denborak esango du.
Bitartean, Bernardo Atxagak idatzi eta Jabier Muguruzak abestutakoa gogoratzea merezi du. Bizitza, bizitza da.
Idatzi artikulu bat