Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2012/02/11 21:24:48.315 GMT+1

Monologoak: ‘Bodologuak’

BodologuakEspaloian


Bariku iluntze hotza. Jende bat etxean geratu izana erraz ulertzekoa. Hala ere, lagun dezente Elgetako Kafe Antzokian. Elgetarrak eta gazteak asko, gehienak. Bergaratik, Antzuolatik, Arrasatetik... eta aipatuak izan ziren eibartarrak ere bai :-) Aurrean, kartel ezaguna osatzen duten hiru lagun: Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu. Ederra hirukotea!

Ez naiz bereziki monologo zalea. Izango da telebistako Club de la Comediarekin ez dudalako gozatzen, ez ditudalako ikusten esaten dituztenak, ez dudalako umore gertukotzat... ez dakit zein den arrazoia zehatz, baina, esaterako, nahiago dut talde eskas baten musika entzun ontzat jotako monologari horiek ikusi baino.

Ezberdina izan da hirukote honekin. Ni ez nengoen umorez bor-bor eta saioa etxean izanda ez dut izaten askotan aukerarik aulki batean jarri eta oso-osorik ikusteko ere. Betekadarik ez, eta aulkiren bat ere bazen libre eta aukera ederra ia monologoek euskaraz zer ematen duten jakiteko. “Euskaraz monologoak zer?” galdera erantzuteko jarri nintzen gozatzeko baino gehiago eta emaitza bikaina izan da ze gozatu nuen, asko gozatu eta galdera ahazterainokoa izan zen ordubetea. Algaraka egon nintzen. Oso merke, 12 euroan ordubete pasatxo algaraka. 



Bodologuak2.JPG

Euskaraz nola ez dira ba monologoak egin ahal izango! Hizkuntzak kulpa izango balu moduan! Edozeini gomendatzeko gaua izan zen. Egoitz Lasak apurtu zuen izotza (barkatu erdarakada baina gauaren lizentziaz egin dut). Aitzakia da Boda batetik datozela eta hango demasiak egin osteko haria erabiltzen dute hiru lagunen txandak osatzeko. Minutu bakarra behar izan zuen Lasak irribarrea ateratzeko Elgetan. Eta beste pare bat minututan bakarrizketa eten eta txaloak ere atera zituen. Txalo horiek eskertu eta jarraitzeak ekarri zuen irribarrea, algarak eta txaloak tartekatzea. Lasa oso sinesgarri eta "tenplau" banketa bakarraren laguntzaz. Eskarmentua balio.

Lasa eta Pagadi ikusi ditugu gehiagotan ere elkarrekin. Ondo moldatzen dira taula gainean eta baita azpian ere. Gidoigintzan ondo eta idatzitakoa defendatzen berdin. Pagadik baditu, taulara atera orduko aldeko puntuak irabazita. Atzoko ikus-entzule batzuk komentatu zidaten txikia gustatu zitzaiela, handi ikusi zutela berriz ere (eta “berriz ere”k argitzen digu badituela zaleak). Kapaza da hitz joku ebidenteekin barrea ateratzeko edo “erresistentziaren balioeza” aipatzen ausartu eta barreak lortzeko. Asko esaten du bere alde.

Eta Aranburu? Urteberi on, amona ikusitakook gogoratuko zarete han erabili zuen erregistroaz. Txukun orduan, ba “Bodologuak” monologoetan asko gozatu dut bere eszenaratzearekin. Eguberri off bat nuen gogoan, atera eta barre hori.. barre minutuetan sartzeko erraztaile zena eta izan dena Espaloian. Aupa Etxebeste, Eutsi... irudi horiek etorri zitzaizkidan burura, baina monologoak amaitu ostean ze tarte horretan harrapatuta izan ninduen, lelotuta eta barrez. Aretoak husten zeudela galdetu ziotenean erantzun hau bota zuen “Ez gara preokupatu behar, okupatu baizik.” Onartu dagidan ordutik hasi zela ni lelotzen.

Baiña zergatik harrapatu naute hiru hauek? Ba gertuko sentitzen ditudalako, gertuko sentiarazten dutelako ikus-entzulea, monologoak oso bisibleak direlako eta esaten dutena ikusi egiten dugulako, edonork bizi dituen gertaera eta erretratuak deskribatzen asmatzen dutelako, bizi jarduten dutelako baina antxitxika egin barik, gidoian asmatu dutelako, gorputz eta arima defendatzen dutelako sinisten dutena eta hori trasmititu egiten dutelako...

Espero ez nuen gaua: ederra! Ibilbide luzea duen emanaldia. Programatzaileek ez lukete dudarik izan behar beraien antzeztokietara eramateko, ezta euskaraz bizi ez diren programatzaile horiek ere. Merezi dute antzeztokietara joaten diren ikus-entzuleek horrelako emanaldi batekin gozatzea. Nire ustez, taberna-girorako ere izango den arren, antzeztokian irabazi egiten baitu hirukotearen monologo sortak.

Eskerrik asko gurera etortzeagatik eta eutsi horri!

 

Nork: iarantzabal.2012/02/11 21:24:48.315 GMT+1
Etiketak: mikel_pagadi aranburu monologoak egoitz_lasa lasa nagore_aranburu pagadi bodologuak | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Bergaratik igotakook behintzat irribarre zabal batekin bukatu genuen gaua, nahiz eta baten bat biharamunean 7etako sartu lanera. Arrakastaren parterik handiena izan zen denok ezagutzen genuela gure burua gutxienez kontatutako egoera batean, eta konturatzen ginen zelako barregarri (edo erridikulo) garen sarritan. Eta Eibar oporretarako leku moduan gomendatu izanak ez dauka preziorik, horixe baino ez genuen behar eibartarrok. Oso gustora, eskerrik asko Espaloia eta Bodologuak.

Nork: elena.2012/02/12 23:08:56.892 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak