Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/05/30 19:52:24.318 GMT+2

Mundumira: Elgeta munduari begira

Ez zait zifra dantza interesatzen, baina badakigu elgetarrok sekula ez dela horrelako jendetzarik batu gure herrian.
IMG_1435
Demasa izan da, baina pena litzateke ondoko herrian baino gehiago edo gutxiago izateko zifra bat asmatzea. Ez dakigu zenbat lagun elkartu garen, baina herria handiago ere ikusi dugu elgetarrok. Zerk egin duen herria handi?

Elgetarrek

200 elgetarretik gora ibili gara lanean. Egia da oso, oso ondo antolatuta egon dela Mundumira eta horren ardura izan dute hiru lagunek bereziki: Euskal Herria aldizkariko Jesus Mari Perez-ek, Ginmusicako Sergio Cruzadok eta Elgetako alkate eta Mankomunitateko turismo arduradun Oxel Erostarbek. Denekin egin dut lan asteburu honetan eta ordu asko izan dira. Hala ere, zerrenda luze-luzea da, oso luzea zorionez. Trafikoa zuzentzen, herria garbi egon dadin eusten, kanpotarrak begirunez atenditzen, tabernariak zerbitzua ematen… eskerrak! Bestela ez litzateke posible izango. Kolore, edade eta hainbat pentsakerako herritarrok batuta. Mundumirako alderik positiboena seguruen!

IMG_1417


Kanpotarrek

Ez da egon istilurik. Etorri den guztia egin da herritar derrepente. Kultura askotako jendea, debagoiendar asko, eta oraingoan, Elorrio aldetik igotako dezente eta baita Eibar aldetik igotakoak ere. Botiltzar bateko kakatza salbu giro ona egon da eta aipatzekoa da ez dela arazo bakar bat ere egon.

Musika taldeek-eta

Oso ondo aukeratutako programazioa. Lan ona egin da eta ondo kudeatu da dena. Hasieran kontratatutzat genuen The Wailers eta talde hori zen nire apustua ere. Los Delincuentes izan da izarra lehenengo apustuak kale egin ostean eta niri taldea larregi gustatzen ez bazait ere onartu beharra dago jendea pozik geratu dela: arrakasta. Programazio guztitik, Ain_1 taldea taula txikiagoan ikusteko gogoz geratu naiz eta taula handiko apustuan geratzen naiz La Trova kung-fú  taldearekin. Trunboia ere geratu egin zuten rumba heterodoxo horrekin. Lau tanta baino gehiago ez zituen egin domeka arratsaldean eta luxuzko itxiera eman zion asteburuari La troba Koungfuk. Joan Garrigaren ahotsa entzuteaz bat eraman ninduen urte pila bat atzera Elgetako gaztetxearen bosgarren urteurrena antolatu genuen egunetara (uff zenbat urte). Ordutik ezagutzen dugu Joan Garrigaren ahotsa. Dusminget izan zen Gaztetxean izan dugun talde borobil horietako bat. 2004ean utzi zion Dusmingetek talde izateari, baina ahots hori eta soinu txikia ahaztezinak dira, Gaztetxeko garaiak besteko ahaztezin :-)

IMG_1439


Postuetakoek

Hainbat stand egon dira oraingo Mundumiran ere. Eta "hippy" mugimenduko jende hori oso errespetuzkoa izan da herrikoekin ere. Horixe espero genuen eta holaxe izan dela esatea ez dago sobera. Bai alde gastronomikoaz (zelako gauza goxoak!) arduratu direnak, artisauak, GKE-ko stand-etakoak, eta baita feriaz feria ikusten ditugun sailtzaileak ere… bikain! Bereziki aipatu gura dut Goibeko kultura elkartearen txosnan lan egin dutenak. Herrirako dirua atera da eta erabiliko da bi gauzatarako, batez ere: Goiena telebistaren seinalea herrigune guztira ondo heldu dadin; bestetik, Goibeko elkartearen barruan sortu den Txirikil aisialdi taldeari (txikienekin lan egindo duena) bultzada emateko. A! eta zergatik ez esan, zortxoren bat ordaintzeko ere bai. Bertatik pasatu dira Elorrioko lagunak, Bergarakoak, Angiozarkoak… eta herritar pila bat. Denera 45 lagunetik gora kañeroari kolpeka. Mila esker!!!!!! Kulturak jarraipena izango du Elgetan eta egindako lanak horretarako ere balioko du.

IMG_1437


Kale espektakuloek

Kale antzerkiak, lehenengo aldiz umeendako gune handia Irrien Klubaren eskutik, boulder txapelketa frontoian (bete-bete eginda frontoia ere), DJ festa parea Espaloia Kafe Antzokian, batuka jotzaileak herrian, dantza ikastaroak kalean, txahal-errea Kalitatearen eskutik… Zenbat gauza! 

IMG_1427


Sinistunek

Sinisdunak eta egin egiten dutenak. Bazegoen zalantzaren bat hortik zehar Elgeta ez zela gai izango horrelakorik antolatzeko… Antzerakoa entzun genuen orain urte asko. Hiru adibide:

  1. "Elgetan herri-aldizkari bat sortzea ezinezkoa da" eta Goibekokale sortu genuen herritarrok.
  2. "Elgetan kafe antzoki bat izatea ezinezkoa da" eta sortu genuen antzoki dinamiko bat herritarrok.
  3. "Mundumira ezin da Elgetan egin" eta demostratu da biztande kopuruz hainbatkoizten diguten edozein herritan letxe antolatu daitekeela Mundumira Elgetan herritarrok bat hartzen badugu.

Laburtuta, Goienak bere asteleheneko alean titulatu duen moduan: "Mundumira, borobil"

Imagen 1
Gaur mundumiratarragoa naiz orain astebete baino :-)

Nork: iarantzabal.2011/05/30 19:52:24.318 GMT+2
Etiketak: mundumira debagoiena elgeta | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Goienaren argazki pila bat Julio Callejak ateratakoak, inbidia emateko egon ez zinetenoi :-)

- Barikua: http://www.flickr.com/photos/goienanet/sets/72157626823769938/show/

- Zapatua egunez: http://www.flickr.com/photos/goienanet/sets/72157626705961955/show/

- Zapatu gaueko 24 argazki http://www.flickr.com/photos/goienanet/sets/72157626707764569/show/


Nork: Iban Arantzabal.2011/05/31 11:40:31.135 GMT+2
http://www.arantzabal.com

Telebistak ere saio berezia egin zuen:

http://goiena.net/bideoak/mundumira-2011-saio-berezia/

Nork: Iban Arantzaba.2011/05/31 19:52:48.765 GMT+2
http://www.arantzabal.com

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak