Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2010/10/31 15:01:17.626 GMT+1

Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora

Hilabete da. Hilabete osoa baino gehiago blog honek ez duela letrarik jaso. Eta blog hau balitz salbuespena...

Nik ez dut sekula egin collagerik artaziekin papereko argazkiak eta testua elkartzen, quark-a betetzea tumatxa zen garaian hasi ginen gure belaunaldikook kazetaritzan. Gero etorri ziren web estatikoak-edo eta hori berori ere aurreratzea izan zen. Horren ostean blogak, eta hau bai benetako hedabide baten "jabe" izatea: norberak ahal eta gura duenean idatzi, idazteaz bat publikatu, banaketa sisteman eurorik gastatzeke, karaktere zehatz batzuetara makurtu barik, erretratuekin zein bideoekin lagundutako artikulu multimediak, norbera editore, azalpenik eman beharrik ez inori bertan idatzitakoaz...

Hala eta guztiz, hilabete idatzi barik blog honetan... Bitartean twitter izan dut inoiz baino gogokoago, Facebook-en bolada ere atzean geratzeraino. Horren kulpa dute twitterrek berak, jarraipena egiteko darabildan tweetdeck irakurgailuak eta zein euskaldunek tuiteatzen duen ikusteko ere balio izan didan umap-ek.
Gustatzen zait 140 karaktereko esaldia pentsatu beharra ere, laburtu beharra, lastoa kentzeko askok (ez denek) egiten duten ahalegina... Twitterrek iraultza berria dakar. Oraindik falta da irakurgailuak gizartean zabaltzea, baina hori pasatutakoan geratu ezineko trena izango da. Hori badaki iPad batean tuiten eta Facebook-eko mezuen jarraipena egin duen edonork Flipboard edo antzeko tresna batekin.

Baina edukia? Eduki berria ere badakar?

Uste dut twitterrek sorkuntza mugatzen duela. Edo esan beharko nuke 140 karakterera ekarri duela esateko dugun hori guztia. Idazle gehiago ikusten ditut twitterri lotuagoak blogari baino azkenaldian. Eta zer gertatzen da hau horrela izanda? ba ez dagoela sakontasun larregirik esaten direnetan. Artikuluak erlazionatzen ditugu, harek edo bestelakok idatzitakoa retuiteatu. Besteen pentsakerak gure twitter perfilarekin errepikatu (askotan gazteleraz edo ingelesez, eta euskal esparrutik kanpokoak). Mugatu dugu "gure" edukia 140 karakteretako mezu batzuetara eta esan beharrik ere ez dago blogean aipatuko ez genituzkeen errazkeria asko ere sartzen ditugula tuit batean.

Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez dudan elementurik nagusiena. Sorkuntza zikiratzaile ere bada, bai behintzat, sakontasun handiagoko euskarriak (blogak, papereko artikuluak...) erabiltzeari lagatzen diogun heinean. Eta jakina, lagatzen dihardugu.

Blogen eta paperaren defentsa

Die Zeit egunkariko zuzendariari irakurri diogu erabaki zutela artikulu luzeak egitean jarraitzea, dokumentatuak, serioak, baita zailak ere. Etorkizuneko paper-prentsan, berak dioenez etorkizuna egon badagoelako eta "orientazio eta sakontze kazetaritza" eginez emaitzak onak direlako. Arrakasta kasu bat da Alemaniako egunkari honena eta argi du kalitateak dakarrela dirua. Harpidedun berri gehienak 20-30 urteko gazteak dira gainera... Sinestezina guk bizi dugunetik begiratuta.

Baina paperari lotzen badizkiogu sakontasuna, kalitatea, orientazioa... moduko berbak ez dago zertan hitz horiek ez erabili blogeko artikuluei gagozkionean. Pentsatzen dut Interneten ere badagoela horrelako artikuluendako lekua, diferentzia txiki (barkatu, bakar) batekin: paperak ematen du dirua eta Internetek ez.

Arrakasta: multimedia ondo erabiltzea

Beraz, badirudi, oraingoz, sormen garatua agerikoago dela paperean eta blogetan, esaterako. Hor lantzen dira gai potolo horiek guztiak eta gero, zabaldu, tuit bitartez-eta ere egin beharra dago 2010ean.
Arrakasta, tresna guztiak egoki erabiltzetik etorriko dela dirudi. Inbertitu beharko da digitalean eta asko, baina "ez dago paperagatik gaizki-berbaka jarduterik" Giovanni di Lorenzok esaten duen moduan. Etorkizuna eta oraina ere multimedia da.


Nork: iarantzabal.2010/10/31 15:01:17.626 GMT+1
Etiketak: blogak multimedia twitter prentsa papera | Permalink | Erantzunak (12) | Errenferentziak: (2)

Erantzunak

Aipa, Iban!
Goittik behera bat natok hire artikuluakin. Igarri juat post gitxiago idazten dittugula, jeitsi egin dok, hor ez dagok zalantzarik. Twitter eta facebookengaittik dala esango neuke. era berian, eibartarren zerrendia be bajauta dagok errezoi berangaittik nere ustez.
Twitter iteresgarrixa izan leikek, baina ziber-paboneotik be bajakak asko. Ze guaixak garan esateko balio dabelako sarrittan. 140 karakterretan ezin leikek post baten esaten dan beste esan, iñundik iñora be.
Dana dala, gixartia holan jabik: eskaparatismua dok inportantiena, azalkerixia, sakontasunik bakua. hori da arazua, ingurua, modan daguana.
Asko idatzi geinkek honen gaiñian, baiña dana lotuta daguala uste juat.
Oso interesantia, Ibantxo. Laztan bat

Nork: leire narbaiza.2010/10/31 15:54:28.801 GMT+1
eibar.org/blogak/leire

Leire, Twitter izan da bidea gu artikulu honetaz enteratzekoa, ezta?

Nork: Luistxo.2010/10/31 16:02:24.015 GMT+1
http://eu.umap.eu

Hau diozu, Iban, zure artikulu interesgarri honetan: “Tuitek balio dute hainbat ideia jende gehiagorengana zabaltzeko, baina ez ideiak sortzeko eta garatzeko. Eta hori da twitterretik gogoko ez dudan elementurik nagusiena”.

Zer esango zenidake nik beste hau idatziko banu? “Txankletek balio dute hondartzan eroso ibiltzeko, baina ez bertan maratoiak prestatu eta egiteko. Eta hori da txankletetatik gogoko ez dudan elementu nagusiena”.

Seguruasko esango zenidake nahasten ari naizela gauzak, txankletek funtzio bat dutela, eta horretan oso onak direla, baina maratoiak prestatu eta egiteko, hobe dela arineketan egiteko zapatillak erabiltzea. Nik ere antzeko zerbait esango nizuke: Twitter oso ona da ideiak trukatzeko. Bloga, berriz, aparta da ideiak sortu eta garatzeko. Lehenak ez du zertan garrantzirik galdu behar, ez bada erabiltzen bigarrenerako, besteak beste ez zelako egin horretarako.

Nork: Joxe Aranzabal.2010/10/31 16:40:12.272 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa/

Ba ez ditut kontuak hala ikusten neuk. Beharbada, nire esperientzia twitterren oso bestelakoa delako izango da, baina niri Twitter irudimena izugarri areagotu dit eta pertsona interesgarri asko ezagutu ditut, bai giza-harremanei begira, baita nire lanbideari begira ere. Une honetan 1.000 kontu baino gehiago jarraitzen ditut, horrek ematen dit aberastasuna. Horietariko askorekin nire ikuspegiak trukatzen ditut eta hainbatekin proiektuak garatu ditut. Bai, lan-proiektuak, Twitterretik baino ezagutu ez dudan pertsonekin. Ez zait iruditzen hori azalkeria denik. Horrez gain, munduan izan diren hainbat gertaera zuzenean ezagutu ditut, bertako txiolariei esker. Adibidez, aurreko astean Kirchnerren ospitaleratzea eta heriotza Argentinako txiolarien bitartez segitu nuen, zer esanik ez Chileko lurrikara eta ondorengo pertsona-bilaketa prozesu osoa. Komunikabideak hankamotz geratzen ari dira eta sentsazionalismoari atxikituta bizi dira une honetan. Ez dakit, nahiago ditut bost tuit on eta ez horrenbeste albiste huts eta agentzietatik kopiapega egindakoak. Nik aitortu behar dut oso emozionalki erabiltzen dudala Twitter, ez naiz esteka-jaurtikitzaile, eta sakondu nahi dudanean blogera jotzen dut. Egunero? Ez, noski, ez dut horrenbeste hausnarketa egiteko adina ere. Baina blogean idazten dudanerako Twitterreko pertsona askorekin joan naiz gaia pentsatzen eta trukatzen, ez nago blogeatzen ni neure buruarekin eta neure buruarentzat. Twitterrek hasieran ematen duena baino askoz gehiago da. Kontua da nola erabiltzen duzun eta norekin gurutzatzen dituzun txioak. Portzierto: post hau Twitterren bidez aurkitu dut, bestela ez nuke jakingo existitzen zela ;)

Nork: ainhoaeus.2010/10/31 17:07:35.177 GMT+1
http://www.twitter.com/ainhoaeus

Keba, keba, Iban:

Twitter berria da. Eta sakona, laburra izanagatik.
Twitter elkarrizketa da, baina hedabide bat.
Twitterrek ez dit ordezkatu bloga, ordezkatu dit askotan Bloglines (bueno, Google Reader orain).
Blogean nik ere gero eta gutxiago idazten dut, baina blogari ohi bati esan nionez, uste dut honezkero munduko gai guztiei buruz eman dudala iritzia...
Twitter etorkizuna da. Blogak ere bai.

Ondo bizi!

Nork: Jozulin.2010/10/31 19:47:10.593 GMT+1
http://www.blogak.com/jozulin

Die Zeit-eko zuzendariak ez dio harpidedun gehienak 20-30 urtekoak direnik; harpidedun berri gehienak tarte hortakoak direla baizik. Harrigarriena kontrakoa litzakeela pentsatu dut irakurtzean.

Nork: azpi.2010/10/31 20:34:37.593 GMT+1

Ados, hein handi batean, Ibanen argumentazioarekin baita Leirek egiten duen analisiarekin ere. Twitterrek zenbat jarraitzaile dtuzun agerian uzten du, telebista kateek erabiltzen duten "share de audiencia" baten parekoa izan litekeena; Efe edo Reuters albiste agentzien modura, gure mezuak lau haizetara zabaltzen dira RTen bitartez; irrati formuletan bezala, beti entzuten dituzu kantu eta kontu berdinak, halako Top 40 zerrenda bat sortzen da ezin duzuna burutik kendu egun osoan jarraitzaile kopurua ikaragarri handia egiten denean, batez ere. Twitter ez da ezagutzen ditugun hedabide tradizionalekiko gehiegi desberdintzen, egia esan; ziber-paboneoa, protagonismoa, minutu bateko fama, egoaren asetzea, interes pertsonalak (eta komertzialak)... ezin ukatu badela hortikan asko. @ainhoaeus eta @luistxo, Twitter existitzen ez zenean ere heltzen ginen horrelakoetara ere. Eta bide desberdin askoetatik gainera: zuzenean blog honen RSStik baina, baita ere, beste hainbat blogetan artikulu honi egindako zeharkako erreferentzietatik ere. Artikulu bat ona denean, ekarpen interesgarriak egiten dituenean (hizpide dugun artikulu honekin gertatzen den bezala) beti erreferentziatu izan da beste blog batzuetan, beti erabili izan da ekarpen berri baten oinarri bezala, beti erabili izan ohi da norberak sortutako ekarpen berri batean, oinarri, osagarri edo erreferente bezala, norberaren argumentazioaren aberasgarri bezala. Horrela, ohiko kanaleetatik ere ziur nago helduko ginatekeela Ibanen artikulu honetara. Beraz, ez dut uste Twitterrek ezer berririk ekartzen duenik alderdi horretatik. Gehiago esango nuke; RT bat egitea hain sinplea bihurtu den honetan, aipatu ditudan landutako zeharkako erreferentzia horiek, argumentazio osagarri horiek beste blogetan desagertzen ari dira. @joxe ados nago esaten duzunarekin. Txankletak hondartzarako eta maratoia korritzeko erabil ditzagun bestelako zapatillak. Baina ez ditzagun gauzak nahastu sarean, ze baliteke egunen batean modan jartzea sarean (badakizu, sare sozialetan inertzietan erortzea oso erraza da) txankletak erabiltzea denerako, hondartzara joateko, maratoiak egiteko, mendira igotzeko eta ezkontzetara joateko. Beti egoten da sarean MacGyver-en bat Twitter sinple batekin marabillak egiten dituena edo egiteko balio duela esaten duena: Twitter elkarrizketarako tresna paregabea da (ez nago batere ados honekin @jozulin), Twitterrek jario agregatzaileak ordezkatzeko balio du (mota bateko edukietarako bai agian; patxadaz irakurri nahi ditudan artikuluentzat ez), Twitterek ohiko hedabideak ordezka ditzake (tira, geroz eta gehiago dira horrelako sareetatik dabiltzan hoax edo batere kontrastaturik gabeko albiste faltsuak)... Eta horrela adibide asko. Blogen etorrerarekin erabiltzaile berri askok parte hartu genuen sarean lehenengoz. Modu inkontzientean ziur aski, blogari askok orduko internetek zituen ezaugarrien aldaketaren eragile bihurtu ginen. Pentsatzen dut aurretik sarean zebiltzatenek ez zituztela erraz onartuko inguruan ikusten zituzten gauzetako asko, ez dakit. Kontua da hamar urte baino denbora gutxiagon, sare sozialek publiko berria ekarri dutela internetera eta honek berriro aldatu du internet ulertzeko modua. Eta niri behintzat, asko kostatzen ari zait ezaugarri berri hauetara egokitzen; Ibanen antzera, hainbat arlotan, duela urte batzuetako internet "sakona" eta "interesantea" faltan botatzen dut gaurko internet "arin" eta "funtsik gabekoaren" aurrea.

Nork: jolaus.2010/10/31 21:23:04.405 GMT+1
http://jolaus.com

Interesgarria da Ibanen hausnarketa, bai, baina hemen sartzen gara iPhone vs. Android bezalako komerietan.

Hau da, hemen twitter-en kontra azaldu diren batzuk, uste dut hasieratik ez dutela oso gustuko izan sare sozial hau. Eta zilegi da hori horrela izatea.

Ni, berriz, hasieratik ez dut esango, baina tamaina hartu nionetik, oso gustura nabil twitter-en.

Tamainak axola du edo ez du axola? Segun. Ederrak botatzen ditu Lertxundik egunero Berrian karaktere gutxi batzuetan.

Eta nago blogosferaren "gainbehera" hori ez ote den ziklo naturala. Zaila baita hasiera bateko puntxa eta freskotasuna mantentzea.

Twitter taberna bat da eta tabernetan, normalean, garenak baino guapoago, graziosoago eta -ago agertzen gara.

Nork: iturri.2010/10/31 22:11:39.953 GMT+1

Eskerrik asko erantzun duzuenoi, horrelako blog-artikuluak garatzen dituzte zuen komentarioek, interesgarriagoak ere badira askotan. Ez izan zalantzarik berriz ere 140 karaktere baino gehiago idazteko ;-)

  • Leire. Ezer baino lehen patxua bueltan. Eta bigarrenik, nik ez dot uste twitter ustekabian pasatuko danik edo moda bat danik. Funtziño bat ikusten dotsat eta da zabalpena. Sormena? ejem... Sormen garaturako lekurik ez 140 karakteretan.
  • Luistxo ere twitter bidez enteratu da artikuluaz. Hain zuzen ere balio horixe du twitterrek, batik bat: norbere audientzia gehi retuitak. Ondo da, baina Luistxo modukoak ez dira gehienak oraindik (erantzun duzuenak salbuespena zarete). Blogen munduan hanka biak sartuta zituenak badaude tuiten jarraipena egiten ere, baina ez dira larregi hala eta guztiz... Zabaltzeko balio du, baina neurrian. Ez RSS-ak baino gehiago edo goiena.net-eko portadan agertzea baino gehiago (oraindik). Erantzunetan parte hartzera animatuko ez diren irakurleak baditu blogak eta ez dira bazter lagatzekoak.
  • Joxerekin ados nago: bakoitzak du berean ederra, garrantzitsuak dira Interneten bai txankletak eta bai zapatilak :-) Hauxe dio Joxe lagunak: "Twitter oso ona da ideiak trukatzeko. Bloga, berriz, aparta da ideiak sortu eta garatzeko. " Baina nire hausnarketa da twitter gora eta gora doala eta blogak behera eta behera. Zitak gora eta sormena behera. Gehiago zabaltzen dugu, baina guk sortutakoa gero eta gutxiago gutxiago sortzen baita, Twitterren ere bagabiltza eta bi ahapaldi egiten ahaztu egin zaigu, euskal esparrua gutxiagotan aipatzen da twitterretan blogetan baino.... Dudarik ez, ez da Joxeren kasua ze finenetan finena da blogean idazten ere... Baina zenbatek altxatuko lukete eskua twitterren parte hartzen dutenetik berdin-berdin blogeatzen dutela esanda?  ufff, desertua.
  • Ainhoari twitterrek irudimena areagotu dio. Eta seguru nago horrela izan daitekeela, baina kontua ez da irudimena handitzen duen edo ez. Kontua da denborarik kentzen duen blogetan jarduteko, hau da, sormen sakonagorako. Edo irudimena handitzen dizkizun 140 karaktereok retuiteatzen dituzu? Nire artikuluan ez da esaten "blogak bai" "twitter ez". Nik diodana da twitter bai eta blogak ere bai. Kontua da "twitter bai" izango dela erraz, zabaltzen dihardu azkar, erabiltzaileak gehiagotzen geratu barik, aplikazio berri interesgarriak datoz... Eta "blogak bai"? Blogak bai, baina gutxiago ze jendea retuiteatzen dago gehiago artikuluak sortzen baino. Nik balio handia ematen diot sormenari eta, Ainhoa, sortzeko lagungarri bazaizkizu milaka tuitak fenomeno. Niri zuk sortutakoa zait interesgarri.   Ainhoa, zuk ere twitter bidez jakin ei duzu artikuluaren berri. Klaro, 2010ean erabili beharreko "arma" da twitter. Horretan ados gaude.
  • Jozulinek: "Blogean nik ere gero eta gutxiago idazten dut, baina blogari ohi bati esan nionez, uste dut honezkero munduko gai guztiei buruz eman dudala iritzia..." Eta orain, gutxiago gaude iritzia ematen (arrazoiak hamaika). Pena bat. Nik gurago dut Jozulin sortzailea retuiteatzailea baino. Batak bestea kentzen ez badu biak, baina pena da blogean gutxiago idazten baduzu ze dudarik ez, azalerago geratuko zara, seguruenik, blogeko lanak tuitekin ordezkatuta. Baina azken batean ados gaudela diruri, ez? zuk diozu: "Twitter etorkizuna da. Blogak ere bai" eta nik ere bai.
  • Josu: Harpidedun berri gehienak 20-30 urte bitartekoak dira. Aldatu dut testuan ere. Eskerrik asko.
  • Jolausek dioen hau beldurgarria da: "RT bat egitea hain sinplea bihurtu den honetan, aipatu ditudan landutako zeharkako erreferentzia horiek, argumentazio osagarri horiek beste blogetan desagertzen ari dira". Euskararen aldeko aldarriak "gustuko dut" klikatzera murriztea moduko arriskutsua... ufff. Behar ditugu euskaraz gurera ekarritako azterketak, teoriak... Hemen eta hemendik sortutako irakurketek balio handia dute retuiten aldean, nire ustez.
  • Iturrik: "Tamainak axola du edo ez du axola? Segun. Ederrak botatzen ditu Lertxundik egunero Berrian karaktere gutxi batzuetan." Berriako irakurleon kalterako, baina utzi dezala txoko hori liburuak argitaratzeaz ahaztuko bada. "Hitz beste" bai, baina "Eskarmentuaren paperak" era bai, "zoaz infernura, laztana" bai, baita "zorion perfektua", "Ihes betea"... Eta twitterrera pasatzeko uzten badu "hitz beste" atala? ez mesedez ez.      Eta diozu beste esaldi baten "Eta nago blogosferaren "gainbehera" hori ez ote den ziklo naturala. Zaila baita hasiera bateko puntxa eta freskotasuna mantentzea". Nire ustea da blogak indartu egingo direla eta horren adarkatzeak, horren suzko erroberak izango direla twitter, Facebook eta etorriko diren gainontzekoak. Norbere oinarria bloga eta hortik aurrerakoetan ere jardun, baina oinarria galdu barik.




Nork: Iban Arantzabal.2010/11/01 16:41:36.704 GMT+1
iarantzabal@goiena.com

1.- Blogen gainbehera aipatu nuen atzoko komentarioan: ibilbide gorabeheratsua izan daiteke egokiagoa. Zerra-hortzak egongo dira. Eta horrelako batean gaudela iruditzen zait.

2.- Facebook-ek eta twitter-ek lehen sarean ez zebilen jendea ekarri dute sarera eta horietako batzuek bloga sortu dute jada.

3.- Eta ados nago zurekin: blogak dira oinarri (etxe), baina, nire ustez, interesgarriago egiten dituzte orain twitter bezalako sareek.

Ah! Oso inportantea: bakoitzak egin dezala nahi duena, besteekin sartzen ez den bitartean, noski.

Jarraituko dugu eztabaida, Iban.

Nork: iturri.2010/11/01 19:17:09.410 GMT+1

Neuk adibidez ez dut Twitter erabiltzen, ez diot puntua hartu ... baina hala ere blogean gero eta gutxiago idazten dut, erritmoa orain dela bi urte hilean 10-12 artikulukoa bazen, oraingo 6-7koa da. Zergatik? Ba ez dakit ... baina litekeena da parte hartze eskasa dagoelako eta horrek ez dizulako gogoa ematen jarraitzeko.

Twitterrekin parte handiagoa lortuko nuke? Ba, ez dakit .... baina egia da denbora dena dela eta ezin dela ugaldu .....

Nork: txerra.2010/11/04 12:43:31.301 GMT+1
http://www.blogak.com/garaigoikoa

Nork: iturri.2010/11/05 07:59:29.920 GMT+1

Errenferentziak:

...only=1&sort_method=influence"> 1 Influential $(window).load(function(){$('#side-ad-block').oneriot_ads();}); Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gor...

Erreferentzia:  Twitter Trackbacks for Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gora - etxebarri [arantzabal.com] on Topsy.com 2010/10/31 16:10:57.709 GMT+1

... eta Andoni Mutikoarekin. Ondorengo gaiak izan ditugu hizpide: Kameratoia: antolatzaileetako bati eta lehiaketaren irabazleari elkarrizketa. Twitter sorkuntza kapagailu: sakontasuna behera eta zitak gor...

Erreferentzia:  maitego» Blog Archive » Blogariak Amarauna saioan, 10-11-07 2010/11/07 23:24:44.785 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak